Hitzaurrea

Egileak

  • Iñaki Peña Osakidetza

DOI:

https://doi.org/10.26876/uztaro.100+.2017.1

Laburpena

Medikuntzan bi tradizio handi daude, zientziarena eta humanitateena. Historikoki lehenengoa joan da pisua irabazten hamarkadekin, ikerketa mediko, aurrerakuntza tekniko eta farmakologikoei esker.

 

Gauzak horrela, hainbat medikuren eta bestelako osasun-arloko eragileren aldetik, arlo fisiko, objektibo eta neurgarrietatik haratago, beste esparru batzuen garrantzia planteatu nahi dugu: ukiezinak diren aldagaiak, faktore abstraktuagoak, kuantitatiboki neurtu ezin ditugunak. Eta horren guztiaren azpian, oinarrian, komunikazioa dago. Ezinbestekoa da, osasun-profesionalon artean praxi onak egin nahi baditugu. Nahi eta nahiezkoa da komunikazioa, halaber, profesionalon eta gaixo eta haien senideen artean, konfiantzan oinarritutako harremanak bilatzen baldin baditugu. Eta garrantzitsua da gure lanarekin eta osasunarekin lotutako informazioak jendartearekin partekatzea, hedabide orokor zein espezializatuetan.

 

Aurkako aldean, inkomunikazioa da prozesu klinikoak modu egokian kudeatzeko gaitz handienetarikoa. Gaizki-ulertuak, gauzak adosteko gaitasunik eza, puztutako egoak, isiltasunaren konspirazio mota guztiak, blokeo komunikatibo era desberdinak eta abar ugariegiak dira osasungintzan. Eta galtzaile nagusiak badakigu nortzuk izaten diren funtsean.

 

Bestela, hitzik gabeko komunikazioaren garrantzia aitortuta ere, hizkuntzak behar ditugu gure artean ulertu ahal izateko, jendarteko sektore zehatz batzuetatik dikotomia manikeoak erabiltzen tematzen badira ere: ezagutza teknikoak soilik eskatzen dizkiete medikuei, eta ez omen zaie axola gure lurraldean egiten diren hizkuntza ofizialak dakizkiten ala ez.

 

Testuinguru honetan, aurten euskara batuaren 50. Urteurrena ospatzen ari gara, 50 urte igaro direnez Arantzazun bertan Euskaltzaindiak urrats erraldoi hori eman zuenetik. Eta Arantzazun bertan egingo dugu aurten OEEren 28. Biltzarra, Gandiaga zentroan, maiatzaren 18 eta 19an. 2010ean egin genuen leku berean, antolatze-lanetan orduko pertsona batzuok eta beste berri batzuok bat egin dugularik.

 

Komunikazioak eta inkomunikazioak bioetikan, bizitzaren amaieran, sexualitatean eta beste eremu askotan duten inportantziaz jardungo dugu. Non hormak eta non leihoak eta ateak topatzen ditugun, Anjel Lertxundiren azken eleberriak jasotzen duen moduan. Isilune batek, une egokian, komunikazio emankorra ekarri dezakeelako. Eta alderantziz, atertu gabeko kalaka batek inkomunikazio handia eragin.

 

Osasuna!

 

Downloads

Argitaratua

2018-05-17

How to Cite

Peña, I. (2018). Hitzaurrea. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria. https://doi.org/10.26876/uztaro.100+.2017.1