Erditze ondorengo gernu-inkontinentzia ekidin edo tratatzeko zoru pelbikoko muskulaturaren entrenamenduaren eraginkortasuna: berrikuspen sistematikoa

Iraia Bidaurrazaga-Letona, Olatz Amundarain, Ane Hormaetxe, Iratxe Duñabeitia

Laburpena


Gernu-inkontinentzia nahi gabeko edozein gernu-ihesek sortutako gaitza da. Batez ere emakumeek pairatzen dute eta zoru pelbikoko muskulaturaren disfuntzioaren ondorioz sortzen da, eragile nagusia erditze baginala izanik. Hiru inkontinentzia mota ezberdintzen dira, baina haurdunaldiarekin erlaziorik handiena duena esfortzuak eragindako gernu-inkontinentzia da. Gernu-inkontinentzia tratatzeko hainbat teknika sortu dira. Teknika horien artean ikertuena “Kegel” ariketak diren arren, desadostasuna dago teknika horren eraginkortasunaren inguruan. Hori dela eta, berrikuspen sistematiko honen xedea erditze ondorengo zoru pelbikoko muskulaturaren entrenamenduak, “Kegel” ariketak alegia, gernu-inkontinentzia ekidin edo tratatzeko duen eraginkortasuna aztertzea izan da. Hori lortzeko Pubmed eta PEDro datu-baseetan bilaketa sistematikoa egin zen barneratze- eta kanporatze-irizpideak kontuan izanda. PEDro eskalaren bitartez ikerketen kalitate metodologikoa balioztatu zen. Oro har, berrikuspenean 9 entsegu kliniko aztertu ziren. Ikerlan guztietan emakumeek zoru pelbikoko muskulaturaren entrenamendua egin zuten interbentzio-taldean, gehienetan zortzi astez, eta ebaluazioa interbentzioaren aurretik eta amaitu ondoren egin zitzaien. Orokorrean, fisioterapeutak gainbegiratutako eskola jasotzeaz gain, emakumeek etxean egin zituzten ariketak ia egunero. Hala ere, uzkurketen mota, serie eta errepikapenei dagokienez, protokoloak desberdinak izan ziren ikerketetan. Ikerlan gehienetan emakumeen % 10ek baino gutxiagok utzi zuten bertan behera tratamendua, erabilitako atxikidura-estrategiei esker. Halaber, errehabilitazioaren ostean, interbentzio-taldeetan gernu-inkontinentzia adierazgarriki gutxitu zen; gainera, emakume batzuen zoru pelbikoko muskulaturaren indar-, erresistentzia- eta uzkurketa-ahalmena ere adierazgarriki hobetu zen. Ondorioz, esan dezakegu zoru pelbikoko muskulaturaren entrenamendua eraginkorra dela gernu-inkontinentzia ekidin edo tratatzeko eta, era berean, bertako muskulatura indartzeko. Hala ere, ezin izan da entrenamenduaren protokolorik egokiena zein den zehaztu.


Gako-hitzak


gernu-inkontinentzia; zoru pelbikoa; entrenamendua; erditzea; Kegel

Testu osoa:

PDF


DOI: https://doi.org/10.26876/osagaiz.2.2019.264

Argitaratzailea

Argitaratzailea

Laguntzailea