Terapia antidepresiboaren azken pausoak: oraina eta geroa

Ines Erkizia-Santamaria, Jorge E. Ortega, Igor Horrillo

Laburpena


Depresioa gaixotasun psikiatriko ohikoenen artean dago, eta haren intzidentziaren gorakada etengabea da. Depresioaren jatorria eta mekanismo etiologikoak azaltzen dituzten hainbat teoria garatu diren arren, gaixotasunaren oinarri neurobiologikoaren alderdi asko ezezagunak dira oraindik. Hipotesi esanguratsuenak depresioaren teoria monoaminergikoa, neurotrofikoa eta neuroinflamatorioa dira, eta horien eta beste batzuen jatorria, ebidentziak eta xehetasunak aditzera ematen dira berrikuspen honetan. Iraganean depresioa tratatzeko farmakoen aurkikuntza zorizkoa izan da, eta haien ekintza-mekanismoen ikerketak gaixotasunean ageri diren nahasmendu neurobiologikoei buruzko ezagutza eman digu. Azken hamarkadetan, aldiz, paradigma aldatu da, eta tratamendu berriak depresioaren etiopatogeniaren ituetan oinarritzen hasi dira.

 Patologiaren tratamendu farmakologikoaren oinarrian antidepresibo klasikoak daude. Duela hamarkada ugari aurkitu ziren, eta geroztik erabili dira: monoaminooxidasaren inhibitzaileak, antidepresibo triziklikoak eta monoaminen birxurgapenaren inhibitzaileak. Trazodona eta mirtazapina antidepresiboak, profil farmakodinamiko konplexuagokoak, urte batzuk geroago garatu ziren. Farmako talde horien eragin desiragaitz ohikoak ekiditeko eta tratamenduaren eraginkortasuna hobetzeko xedez ekintza-mekanismo alternatiboak esploratu dira, eta ikerketa horietatik sortu dira, esate baterako, agomelatina, tianeptina eta bortioxetina. Horien eraginkortasuna eta erabilera oso mugatuak dira, dena den. Ketamina, aldiz, denbora laburrean depresioaren tratamenduaren iraultza abian jarri duen substantzia izan da, sintomen hobekuntza nabarmena eta azkarra erakutsi duelako entsegu anitzetan, segurtasun eta tolerantzia egokiarekin batera. Azkenik, nabarmentzekoak dira substantzia haluzinogenoak, depresioaren eta beste gaixotasun psikiatrikoen tratamendurako erakutsi duten potentzial izugarriari esker. Depresioari dagokionez, psilozibina da psikodelikoen artean azpimarragarriena: paziente deprimituen hobekuntza azkarra eta iraunkorra eragiten badu ere, haren mekanismo antidepresiboak ezezagunak dira, eta horiek argitzeko entseguak ikerketaren gailurrean daude egun.

 


Gako-hitzak


Depresio nagusia; antidepresiboak; estresa; neuroinflamazioa; monoaminak; psilozibina.

Testu osoa:

PDF


DOI: https://doi.org/10.26876/osagaiz.2.2020.311

Argitaratzailea

Argitaratzailea

Laguntzailea