Petrosektomia subtotala kolesteatomaren tratamendurako: 2008-2018 arteko ikerketa erretrospektiboa duo-n

Maitane Alonso Saenz del Burgo

Laburpena


Kolesteatoma jatorri ezberdineko erdiko belarrian hazten den epitelio ezkatatsu keratinizatuaren bilduma da, tamaina eta kokapenaren arabera klinika zabala eman dezakeena. Kolesteatomaren tratamendua kirurgikoa da, eta tinpanoplastia edota mastoidektomia dira aukerako teknikak. Zenbaitetan, ordea, aukera inbasiboagoetara jo behar da, eta horrelakoetan petrosektomia subtotala (PST) aukera baliagarria bilaka daiteke. Lan honetan Donostia Unibertsitate Ospitalean (DUOn) 2008-2018 artean erdik obelarriko otitis kronikoaren edota kolesteatomaren tratamendurako egindako petrosektomia subtotalen emaitzak erretrospektiboki aztertu eta literaturan aurkitu diren emaitzekin alderatuko dira. DUOko Otorrinolaringologia Sailean 2008-2018 artean egin ziren PSTen datuak bildu eta indikazioa erdiko otitis kronikoa edota kolesteatoma ziren kasuak aztertu dira, parámetro ezberdinak ikertuz. Bestalde, PubMed datubasean PSTaren inguruko bilaketa bibliografikoa egin da eta DUOko emaitzak PubMed-en aurkitutakoekin alderatu dira. 2008-2018 artean 73 PST egin ziren, indikazio ohikoenak erdiko belarriko otitis kronikoa (% 31), kolesteatomaren errezidiba (% 25) eta prozesu tumoralak (% 29) izanik. PST guztietatik, 35ek izan zuten erdiko otitis kronikoa edota kolesteatoma indikazio gisa. Ospitaleko batez besteko egonaldia 5,74 egunekoa izan zen. Kirurgia ostean batez besteko jarraipen-denbora 3,45 urte izan zen, eta kontrolerako EMNa erabili zen kasuen % 48,6an. Maizen agertu ziren konplikazioak honakoak izan ziren: infekzioa, paralisifaziala, hipofuntzio bestibularra, odoljarioa, belarriko fistula eta kolesteatomaren errezidiba. Oro har, DUOko egoera literaturan aurkitutako egoeraren parekoa da indikazioen, kirurgiaaurreko egoeraren, paziente motaren eta egoera audiologikoaren ikuspuntutik. Konplikazioei dagokienez, antzeko portzentajean agertu dira, baina infekzio-tasa handiagoa aurkitu da DUOko seriean, eta, horregatik, ikerketa sakonago bat egin liteke.



Gako-hitzak


Kolesteatoma, erdiko otitis kronikoa, petrosektomia subtotala

Testu osoa:

PDF


DOI: https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2021.357

Argitaratzailea

Argitaratzailea

Laguntzailea