Editoriala

Egileak

  • Jose Ramon Furundarena Salsamendi Osagaiz aldizkaria

Laburpena

COVID-19aren pandemiaren egoera txertaketarekin hobetuko zelako esperantzarekin bukatzen nuen aurreko aleko editoriala. Aurrerapauso handiak eman dira euskaldunen txertaketan, baina hau idazten ari naizen egunean oraindik birusaren intzidentzia altuarekin jarraitzen dugu eta ez da arazoa kontrolatzea lortu. Zer esanik ez herrialde txiroetan daukaten egoera kezkagarriari buruz, txertoak bertara ere azkar irits daitezen ahalegin askoz handiagoa egin beharko genuke, ez da ahaztu behar pandemia baten aurka ari garela eta mundu mailan eragin behar dugula.

2012an sortu zen GiTEP, Gipuzkoan biriketako tronboenbolismo larriaren tratamenduan inplikatutako espezialista anitzen arteko taldea. OSAGAIZ aldizkariaren ale honetan argitaratu dituzte 2012 eta 2016 urteen artean zainketa intentsiboen unitatean ospitaleratutako 124 kasu larrien ezaugarri klinikoak eta eboluzio klinikoari buruzko datuak. Gehien erabili ziren tratamenduak antikoagulazioa, birperfusiorako kateter bidez gidatutako teknika farmakoinbasiboa eta rtPA bidezko fibrinolisi sistemikoa izan ziren. Espezialista askoren arteko elkarlan antolatuari esker hilkortasun txikia lortu zen. Horrelako jarduera kliniko integratuen garrantziagatik erabaki dugu aldizkariaren zenbaki honen azaleko irudiak biriketako tronboenbolismoarekin osatzea.

Psikofarmakoen artean sailkatzen diren antsiolitikoak eta hipnotikoak erabiltzen dira antsietatearen eta loezinaren tratamendurako. Zenbaki honetan argitaratu dugun artikulu batean generoaren araberako farmako hauen kontsumoa ikertu da. EAEn kontsumitutako antsiolitiko-ontzien % 73 eta hipnotikoen % 66 emakumezkoek kontsumitu zituzten. Beste herrialdeetan bezala emakumezkoek probabilitate handiagoa dute psikofarmako hauek kontsumitzeko. Gehien saldutako farmakoa lorazepama izan zen.

Artikulu batean Donostia Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura bertaratu zen botulismo-kasu bat deskribatzen da. Ondorengo ikerketari esker jakin zen guztira 14 izan zirela elikagai susmagarria kontsumitu zutenak, 5 familia-taldetan banatuta eta 14 pertsona horietatik 9k sintomak aurkeztu zituzten. Botulismoa Clostridium botulinum bakterioak sortzen duen neurotoxinak eragindako gaixotasuna da, arnas muskuluen paralisia eragitera irits daitekeena. Kutsatze gehienak kontserbako elikagaiak etxean prestatzean gertatzen dira, eta oso garrantzitsua izaten da diagnostikoa azkar susmatzea eta elikagai horiek apartatzea.

Bularreko minbiziaren intzidentzia goraka doan modu berean ari da hazten  tratamenduen ondorioz ager daitekeen linfedemarena ere. Ale honetara dakarkigun artikulu batean hainbat datu-basetan bilaketa baten bidez ikertu da ea erizaintza-zainketek emakume horien bizi-kalitatea hobetu dezaketen. Egileak dioenez, erizain-interbentzioek paziente horien egoera hobetzen lagundu dezakete identifikazio goiztiarrarekin, osasun-heziketarekin, profesionalen koordinazioarekin, autozainketaren promozioarekin eta konpresio-arropen erabilera bultzatzearekin.

Konbertasek funtzio asko dituzte, baina batez ere tumoreen garapenean duten inplikazioa aztertu da eta deskribatu da atxikitze-molekulen, metaloproteasen eta molekula proinflamatorioen heltzean duten parte-hartzea. Artikulu batean irakur daiteke koloneko minbiziaren kasuan konbertasek gibeleko prozesu metastasikoan duten inplikazioa eta nola proteina horiek diana terapeutiko berri bat izan daitezkeen.

Metanol-intoxikazioen kasuen hazkuntza atzeman da azkenaldian eta ale honetan argitaratu dugun artikulu batean lau kasuren deskribapena egiten da. Itsutasuna eta alterazio neurologiko garrantzitsuak sor ditzakeenez, diagnostiko goiztiarra beharrezkoa da tratamendu eraginkorra badagoelako. Egileek lan egiten duten ospitalean ez dago metanola neurtzeko teknikarik, baina kasuen azterketa egin ondoren ikusi dute diagnostikoa ia ziurra izango dela susmo klinikoa handia denean, azidosi metabolikoa atzematen denean eta horrekin batera anion gap eta osmol gap altuak direnean.

Beste artikulu interesgarri batean itzultzaile automatikoek osasun-arreta elebiduna eskaintzeko aukeretan izan dezaketen ekarpena aztertu da datu-baseetan jasotako ebidentzian oinarrituta. Egileek diotenez, aztertu diren artikuluen ebidentziaren kalitatea txikia da, sistema horiek jardun kliniko eraginkor baterako mugak dituzte eta oraingoz beren egokitasuna eta erabilgarritasuna beste inongo tresnarik ez dagoen aldietara mugatu behar da.

“Dosi txikitan” atalean QT luzearen sindromearen berrikuspen labur bat irakur daiteke. Bihotzeko bentrikuluen zelulen birpolarizazio-fasearen luzatzea eragiten du eta, ondorioz, sinkopea eta fibrilazio bentrikularrak eragindako bat-bateko heriotza izateko arriskua handitzen du. Bertan irakur dezakegunez, azken urteetan arazo hau eragin dezaketen zenbait mutazio genetiko deskribatu dira eta sintomak agertu aurretik atzeman daitezke.

Atal berean ikus dezakegu nola euskarara itzuli den Daniels eta Worthingham-en muskulu-probak. Eskuzko miaketarako eta funtzionamendua balioesteko teknikak fisioterapiako liburu garrantzitsua. Ongi etorria izan dadila osasun-zientzietan euskaraz argitaratuta eskura ditugun liburuen multzora.

Farmazialarien txokoari dagokionez, lehenengo artikuluan irakur daiteke nola pazientearen behar kliniko konkretu baten aurrean osasun-sistema publikoko farmazia-prestazioaren barruan ez dagoen sendagairen baten beharra dagoenean zer aukera dauden sendagai hori lortzeko. Bestaldetik, oraingo alean ere INFACetik jaso dugu azkeneko hilabeteetan aztertu dituzten sendagaien informazio laburtua.

Itzulpenen atalean SRY negatiboko 46,XX sexu-garapenaren testikuluetako nahasmendua eta maskulinizazio osoa dituen kasu arraro baten aurkezpena egiten da. Nahasmenduaren kausa zehaztea ez da oraindik lortu.

Kritikoki aztertutako testuei dagokienez, lau lan jaso ditugu, askotarikoak, bakoitzak gustukoenak dituenak irakur ditzan: koltxizina eta gaixotasun kardiobaskularra; tozilizumab erabilgarria izan daiteke zelula erraldoien arteritisa tratatzeko kortikoideekin batera; astean behineko intsulina egunean behineko intsulina bezain erabilgarria izan daiteke bigarren motako diabetesean, eta, bukatzeko, odoleko serumeko IgG4a eraginkortasun apaleko markagailua da IgG4arekin erlazionatutako gaixotasunak diagnostikatzeko garaian.

Azkenik Lan Sarituak deituriko atal berri bati hasiera eman diogu ale honetan. Osasun-zientziekin lotutako eta euskaraz idatzitako lanentzako zenbait sari banatzen dira gure inguruan eta OSAGAIZ aldizkaria plataforma egokia izan daiteke lan horiek ikusgarriago eta eskuragarriago egon daitezen. Oraingoan Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren Fundazioak antolatzen duen Jose Begiristain Doktorea Saria irabazi zuen 2019-2020 ikasturteko gradu-amaierako lana argitaratu dugu. Lan honen izenburua honakoa izan zen: Petrosektomia subtotala kolesteatomaren tratamendurako: 2008-2018 arteko ikerketa erretrospektiboa Donostia Unibertsitate Ospitalean.

Bukatzeko OSAGAIZ aldizkariko erredakzio-batzordeko kidea den eta osasun-arazoekin dabilen Joserra Arriandiagari eta sendiari helarazi nahi dizkiegu batzordekide guztion animoak eta besarkadak.


 

 

 

Downloads

Argitaratua

2021-07-01

How to Cite

Furundarena Salsamendi, J. R. (2021). Editoriala. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 5(1). Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/397

Zenbakia

Atala

Editoriala