Editoriala

Egileak

  • Jose Ramon Furundarena

Laburpena

Editoriala

Azken urteetan euskara aurrerapauso nabarmenak ematen ari da eremu anitzetan. Osasun-arloan ere apurka-apurka badoa bere bidea egiten. 1990ean sortu zen Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) asmoen artean daude euskararen erabilera bultzatu eta indartzea osasun-arloko profesionalen artean, irakaskuntzan, heziketan eta lan-zentroetan, eta osasunari buruz euskaraz idatzitako aldizkari eta argitalpenen sorrera sustatzea.

OEEren ekintza indartsuena urtero osasun-biltzarra antolatzea izaten da eta orain arte antolatu diren hogeita zazpi biltzarretan Euskal Herriko profesional ugarik parte hartzeko aukera izan dute ponentziak, komunikazioak eta posterrak aurkeztuz edo besterik gabe beste lankideen esperientziak eta irakaspenak jasoz. Horrela, medikuen, erizainen eta gainerako lankideen arteko sarea sortzen joan da. Biltzar horietako materiala liburutan argitaratuta dago eta osasun-arloko terminologia lantzeko aukera paregabea izan dira.

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) 1973an sortu zen eta hasieratik haren helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea izan da eta lan-ildo nagusi hauek ditu: euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea, euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea. 1981. urtetik aurrera Iruñean izandako udako ikastaroen barne osasun-arloko terminologiari eta osasun publikoari buruzko saio batzuk antolatu ziren. Bertan biltzen hasi ziren ondoren OEEren hastapenetan parte hartuko zuten sendagile euskaltzaleak. OEEk UEUri lagundu izan dio osasuneko hainbat ikastarotako ikasleei bekak emanez, hala nola medikuntza fisikoari edo minari buruzko mintegietarako. UEUk OEEren laguntzarekin argitaratu zituen Neurozientzietako mintegiak edo Neurozientziak laborategietako gidaliburuak. 2010ean, elkarlanean berriz ere, bizi-zientzietako ikertzaileentzako lehen topaketak antolatu ziren arrakasta handiz. 2011n OEEk Kontseiluarekin batera, osasungintzako hizkuntza-politikari buruzko jardunaldia antolatu zuen UEUren Eibarko egoitzan. Orain UEUren ekimenez antolatzen da euskaraz ikertzen duen euskal komunitate zientifikoaren IKERGAZTE kongresua. Beraz, era askotakoa izan da bi elkarteen arteko elkarlana, orain OSAGAIZ aldizkariarekin segida izango duena.

Euskal Herriko Unibertsitatean ere aurrerapauso handiak eman dira medikuntzan, odontologian, erizaintzan eta farmazian, urtetik urtera gero eta ikasgai gehiago euskaraz ikas daitezkeelako. Bertan graduatzen diren ikasleek erraztasun handiagoa dute beren lana euskaraz egiteko, bai ahoz bai idatziz. Gipuzkoan egoera nahiko ona baldin bada ere,Bizkaian eta Araban atzerapen handiarekin ari dira txertatzen euskaraz emandako ikasgaiak. Nafarroan eta Iparraldean ez dago aukerarik osasunarekin lotutako graduak euskaraz ikasteko. Euskarazko lehen tesia medikuntzakoa izan zen eta His sortaren ezkerreko adarraren erabateko hersturaren eta zaingorrigrafiaren arteko koerlazioa izenburuarekin argitaratu zuen Rikardo Arruek 1976. urtean.

Osasun-arloarekin lotutako aldizkari zientifiko baten beharraz jakitun ginen aspalditik, baina ez genuen une egokirik ikusten, gutxi ginela iruditzen zitzaigulako, formazioa falta zitzaigulako, erronka handiegia iruditzen zitzaigulako…baina azkenean zezenari adarretatik heltzea pentsatu dugu eta OEEren eta UEUren lankidetzari esker jaio da OSAGAIZ, Euskal Herriko osasun-zientzien aldizkari berria. Izen hori nondik hartu dugun galdetuko diozu zeure buruari, ez da hala? 1936ko gerra aurretik Aitzolek abiarazitako El día egunkarian «Euskal-orria» atala zegoen, euskara hutsez idazten zena, eta bertan Osasun Gaiz azpiatala zegoen. Bertan, batez ere Iñaki Barriola medikuak idatzi zituen osasunari buruzko zutabeak. Bi hitz horien laburduratik dator OSAGAIZ izena.

Zenbaki bakoitza osatzeko jatorrizko artikuluak jaso nahi ditugu, eta, horretarako, guztioi dei egiten dizuegu espezialitate ezberdinetako lanak bidaltzeko eta denokin konpartitzeko. Gure asmoa ez da punta-puntako ikerlanak argitaratzea, baizik eta edozein espezialitatetakoek ondo ulertuko dituzten lanak plazaratzea. Biltzarretara aurkezten dituzuen lan horiek zertxobait gehiago landu eta bidali aldizkarira, ziur denon interesekoak izango direla. Aldizkarian argitaratuko ditugu,halaber, osasunaren eremuarekin lotura duten gai interesgarrien berrikuspenak, beste aldizkarietan alea argitaratutako artikulu interesgarrien balorazio kritikoak, farmakoei buruzko informazioa, liburuzainen aholkuak eta euskarari lotutako informazio interesgarria. Argitaratutakoak egile-eskubideak izango ditu. Hasierako asmoa urtean bi zenbaki osatzea da eta www.osagaiz.eus web orrian PDF formatuan argitaratzea, ez da paperean zabalduko, nahi duenak inprimatuko du bere etxean. Web orrian aurkituko dituzue egileentzako gidalerroak.

Ilusio handiz ekiten diogu aldizkari berri honi, aurrekoek egindako bidea osatzeko asmoz eta osasun-arloan euskarak behar duen arnasari aire berria emateko. Bejondeigula!

 

 

Downloads

Argitaratua

2017-06-15

How to Cite

Furundarena, J. R. (2017). Editoriala. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 1(1). Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/88

Zenbakia

Atala

Editoriala